Interview in daily BERRIA, The Basque Country

2015-03-11 / Edu Lartzanguren

Jana konposatu eta inprimatuko dugu

p040_f01
Etorkizuneko janaz eta janaren etorkizunaz mintzatu da ‘gerologo’ australiarra Basque Culinary Centerren. Zapore sintetizadoreekin, inoiz probatu gabekoak dastatuko ditu aurki gizakiak, dioenez.

Gailuen eta gizakien arteko harremanen guru bat da Adrian David Cheok (Adelaide, Australia, 1971). Nonahiko Informatika irakasten du Londresko City Unibertsitatean, hau da, gizakiek ordenagailuekin zelako harremana izango duten makinok bizitzako zokorik bazterrenetara ere heltzen direnean. Sukaldaritzaz mintzatu da Basque Culinary Centerren, Donostian, Sukaldeko solasaldiak ekitaldian.

Internet bidez, zaporeak eta usainak zabaltzeko garatu dituzun gailuak erakutsi dituzu. Ziur zaude jendeak gauzak usaindu nahi dituela Internetez edo telefonoz?

Jendeak ikusten du gero eta gehiago komunikatzen garela Internet bidez, baina konturatzen dira oraindik oso zaila dela zure benetako bizipenak eta emozioak komunikatzea. Laster, bost zentzumenak erabiliko ditugu Internet bidez: elkar besarkatuko dugu, ukituko, usainduko. Elkarrekin bazkaldu ahalko dugu Internet bidez. Telepresentzia mota berria izango da. Gure ikerketen arabera, jendeak erreakzio positiboagoa du, telefonoan, irudiaz gain, ikusten duenaren usaina jasotzen duenean. Gaur, janaren irudiak dira bigarren kategoria nagusia Instagramen. Zaporea eta usaina bidaltzerik dutenean, sekulako merkatua egongo da hor.

Duela 30 urte 2015. urterako norberak bere helikopteroa izango zuela esaten zuten. Ez al zaio berdin gertatuko zuk iragarri duzun etorkizunari?

Gustu sorgailu elektronikoa hemen dago. Prototipoa da, baina primeran dabil. Zure mingaineko gustu hargailuak zuzenean kitzikatzen ditu, eta gozoa zein gazia burmuinean sortzen dizkizu, gai kimikorik gabe, digitalki. Zaporeak bidal ditzakezu Internetez, gaur musika eta irudiak bidaltzen dituzun bezala. Era berean, usaimena zuzenean kitzikatzeko eremu magnetikoak erabili nahi ditugu. Japonian eta AEBetan salgai daude jada usain mezuak bidaltzeko gailu hauek [telefonoan bidali usaina tekla sakatu du, eta lore usaina zabaldu da]. Oskar Mayer haragi etxearekin iratzargailu hau egin genuen: hirugiharrak zartaginean frijitzean egiten duen zaratarekin eta botatzen duen usainarekin esnatzen zaitu [sakatu du: hirugihar lurrina hedatu da].

Zure familiak zerikusia du garatzen ari zaren teknologiarekin?

Bai. Erdi malaysiarra naiz eta erdi greziarra. Familia dut Malaysian, Grezian eta Australian. Ezinezkoa zait denekin fisikoki elkartzea, baina, honekin, Gabonetako afari birtual bat izan ahalko dugu, eta janaren usaina zein gustua partekatu munduan sakabanatuta egonda ere. Interneten hurrengo fasean, bizipenak partekatzea izango da garrantzitsuena.

Gaur musikarako sintetizadoreak dauden bezala, jana edo zaporeak digitalki sortuko direla diozu. Baina benetan jan ahalko ditugu?

Bai. CDak sortu zituztenean jendeak uste zuen Beethovenen 9. Sinfonia orkestra etxean balego bezala entzuteko zela bakarrik. Baina, musika digital egin zenean, konposatzeko modua bera ere aldatu egin zen, eta genero berriak sortu ziren. Gustua eta usaina digitalizatzen ditugunean, jendeak hasieran esango du: «Hara, txokolate tarta baten zaporea bidali ahalko dut». Baina benetako iraultza izango da hasiko garela bestelako jana programatzen eta 3D inprimagailu batekin inprimatzen. Gustu berriak izango dira, orain usaindu ere egiten ez ditugunak. Jana konposatu, inprimatu eta Internetez banatuko dugu laster.

Malaysiara joango zara. Errazago onartzen dituzte teknologia berri hauek Asian Europan baino?

Ikerketa institutu bat eratuko dut han, Interneten geroa imajinatzeaz gain, benetako gailuak sortzeko. Europa zoragarria da sorkuntzarako, Pizkundetik dabilelako mugak hautsi nahian. Asia tradizionalagoa da, baina oso ongi onartzen ditu robotak, budismoan edozein gauzak duelako arima. Europa eta Asia lankidetzan hasten badira, oso ideia sendoak eta berriak sortuko dira.

http://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2015-03-11/jana_konposatu_eta_inprimatuko_dugu.htm